BAKARRIZKETA SAIOA

Tabirako San Pedro jaietako ekintzen artean.

Ibaizabal ikastolan egiten ditugun kultur ekintzen artean bakarrizketa saioa antolatu dugu ekainaren 30ean, Tabirako San Pedro jaien egitarau osatuz.

Izan ere, Ibaizabal ikastolaren asmoen artean dago ikastola gunea herriarekin elkarbanatzeko espazio moduan proposatzea eta herritarrentzako kultur ekintzak antolatzea noizbehinka. Hain zuzen ere, ikastola moduan gure testuinguruan eragitea ere bada gure egitekoetako bat. Helburu horri jarraituz, ekainaren 30ean, arratsaldeko 19:00etan, Gorka Madrazo eta Maite Lopez Durangaldeko aktoreak, Kepa Errasti eta Erika Olaizolarekin batera ibiliko dira, bakoitzak monologo bana aurkeztuz.

Maite Lopez eta Gorka Madrazo Durangoko Karrika antzerki taldeko kideak dira eta aski ezagunak Durangaldeko kultur mugimenduetan. Erika Olaizola eta Kepa Errastik ibilbide profesional oparoa daukate antzerki, telebista eta zinearen esparruan.

Erika Olaizola “Kamikaz” kolektiboaren partaide da eta hainbat proiektu dituzte esku artean. Antzerkian, besteak beste, “Lur” antzezlana aipa dezakegu, telebistarako proiektuen artean “Vikingak” saioan ikusi dugu azken aldian, eta zinean ere egin ditu ekarpenak, Koldo Almandozen “Oreina” filmean, esaterako. Kepa Errastiren ibilbidea luzea eta oparoa da. Antzerkian sortzaile eta aktore lanetan hainbat proiektu plazaratu izan ditu (“Fadoak entzuten zituen gizona” edo” Mami Lebrun” aipa ditzakegu adibidez), telebistarako hainbat lan egin du (“Barre Librea” saioa adibidez, baina baita “Bi eta bat” edo “Ihesaldia” telesailetan ere) eta, zinean, azken parte hartzea Paul Urkijoren “Irati” filmean izan da.

Beraz, ekainaren 30ean, Ibaizabalgo lorategian, uda-giroko plana proposatzen dugu, eta, bide batez, Tabirako San Pedro jaien egitarauan gure ekarpena egin, auzoko jaietan parte hartuz.