IKASTOLEN IKASTURTEAREN HASIERA-EKITALDIA

Aurreko larunbatean, irailaren 26an, 2020/2021 ikasturtearen hasiera-ekitaldia egin zuen Ikastolen Elkarteak Aguraingo Harresi aretoan. Bertan izan ziren hainbat hautetsi, alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkari, hezkuntzakoak, euskalgintzakoak, kulturakoak eta kooperatibetakoak. COVID-19ak eragindako aforo-mugak tarteko, 125 lagun elkartu ginen, eta tartean izandako Ikastola ugarien artean, Ibaizabal Ikastola bera ere presente egon zen, urtero modura.

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Aguraingo alkate Ernesto Sainzek hartu zuten hitza ekitaldian. Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk ikastolek «baliabide gehiago» behar ditugula esan zuen ekitaldian, «pandemiaren kurtsoari» aurre egiteko. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berria bat etorri zen: «finantzaketaren inguruan badauzkagu hainbat erronka, epe motzera, ertainera zein luzera. Horretaz kontziente gara, eta horri helduko diogu». Bistan denez, Ibaizabal Ikastola bera ere ahalegin handia ari da egiten hezkuntza-komunitate osoaren osasuna zaintzeko pandemia-garaiotan, ohikoa duen kalitateko hezkuntza-eredua albo batera utzi gabe, eta horrek baliabide gehigarriak erabili behar izatea eragin dio.

Ikastolen Jaiei aitortza eta omenaldia

Aurten ikastolen jaiak ospatzerik izan ez dela eta, horien guztien antolatzaile izatekoak ziren Ikastolei omenaldia egin zitzaien ekitaldian. Aurten jairik egongo ez bada ere, musika eta dantza ikuskizuna egingo dugu Ikastolok azaroaren 13an Donostiako Kursaal aretoan.

'Etorkizunerantz, hezkuntza eraldatzen' leloa izan zuen ikasturte hasierako ekitaldiak, iazko lelo bera, hain zuzen ere. Aurreko ikasturtea ezohikoa izanda, bere horretan dirautelako asmoek eta erronkek, Ikastolen Biltzarra egitea barne. Ibaizabal Ikastolako ikasle ohi Jon Gómez Garaik aurkeztu zuen Agurainen egindako ekitaldia.