PRECIOUS PLASTIC LEHIAKETAKO GARAILE

Industria Teknologia IIko talde bat izan da aukeratua.

Bigarren ebaluazioan zehar batxilergoko Teknologiako bigarren mailako ikasleak Precious Plastic Durangaldea programan parte hartu dute. Programak, Durangaldeko gazteen artean jasangarritasuna eta birziklapenaren inguruko kontzientzia sortzea du helburu, ekintzailetza eta teknologia berrien erabilera sustatu eta zeharkako konpetentziak landuz.

Horretarako, plastiko birziklatuzko produktuak sortzeko ideia eta proiektu lehiaketa bat abiatu zen urrian, zeinetan Durangaldeko hainbat ikastetxetako ikasleek parte hartu zuten, taldetan antolatuta. Ibaizabal ikastolako 4 taldek aurkeztu dituzte beraien proiektuak. Lau talde hauetako bat izan da, hain zuzen ere, Ermuako beste talde batekin batera lehiaketako garaile. Nahia Agirrek, Unai Ugaldek, Ekain Jaiok eta Jasone Juaristik osatzen dute taldea, eta beraiek diseinaturiko objektuak TableOne du izena. Beraien proposamena ikastolan kili-kolo dauden mahaiak orekatzeko objektu bat da, eta diruzko saria jasoko dute irabazleek proposamen hau gauzatzearren.

Bestalde, ikastolako taldeen artean barne mailako beste lehiaketa bat ere abiatu da. Kasu honetan, zuzendaritzak hartu du irabazlea izendatzeko ardura, eta talde berbera aukeratu du garaile. Kasu honetan, ordea, talde irabazlearen objektua fabrikatzeko aukera izango da saria, ikastolan bertan, 3D inprimagailuaren bitartez.

Zorionak, beraz, irabazleei eta baita lehiaketan parte hartu duen guztiei ere!