LURGAIA EZAGUTZERA TXANGOA

Irteeraren testigantza ikasleen eskutik.

Martxoaren 10ean Lurgaia Fundazioa ezagutzeko txangoan joan ziren batxilergoko hainbat ikasle, eta egin eta ikasitakoak ezagutzeko Biologiako hiru ikaslerekin izan gara. Martin Ondaro, Ibon Espinosa eta Dunixe Urrutibeaskoak beraien esperientzia partekatu dute gurekin.

Duela gutxi, Ibarruri aldera joan zarete txangoan Biologiako ikasleak. Zertan?

Martin Ondaro: Bertako zuhaitzekin baso bat landatu genuen. Hau da, inguru honetan naturalki hazten diren zuhaitzak landatu genituen pinu landaketa bat zegoen tokian.

Ibon Espinosa: Martinek esaten duen moduan arbolak landatzera joan ginen, eta arbolak landatzen ondo pasatzeaz gain, biologia arlorako oso erabilgarria iruditu zitzaigun txangoa.

Zer da Lurgaia Fundazioa? Zein helbururekin egiten dute lan?

M.O.: Gobernuz kanpoko erakunde  bat, beraien helburua inguruko baso autoktonoak berreskuratzea da. Horretarako zuhaitzak landatzen dituzte eta hortik aurrera hazten uzten dituzte, etorkizun batean baso bat eratzeko helburuarekin.

Proiektua ezagutzeaz gain, zein izan zen zuen ekarpena?

M.O.: Taldeka jarri ginen eta 6-8 zuhaitz landatu genituen. Guztira 254 zuhaitz autoktono inguru landatu genituen.

Norabaitek horrelako lanetan parte hartzeko gogoa balu, zer egin dezake?

M.O.: Beraien webgunean informazioa daukate eta bertan hurrengo deialdiak noiz izango diren esaten dute. Baina aurten ez dira gehiago egongo, udaberria hasi baino lehen izan ohi dira.

Dunixe Urrutibeaskoa: Zuhaitz landaketa gehiago aurten ez, baina espezie inbaditzaileak kentzeko kanpainak eta horrelakoak ostera bai. Web orrian agertzen dira deialdiak.

Esperientzia nolako izan da? Berriz joateko modukoa?

M.O.: Desberdina eta aberasgarria. Errepikatu beharrekoa dela uste dut.

D.U.: Oso interesgarria eta zalantzarik gabe errepikatzeko modukoa.

I.E.: Oso esperientzia polita izan da, gogotsu gaude datorren urtean arbolak nola hazi diren ikusteko!

Eskerrik asko, hirukote!