ATERPETXE SOZIALA EZAGUTUZ

Ikastolan bertan dugu Durangaldeko aterpetxe soziala.
 
Ekosistema osoa, betea eta bizia osatzen du Durangaldeko Ibaizabal kooperatiba-elkarteak. Hezkuntza-arloa da Ibaizabal Ikastolan ezagunena: Batxilergoaz eta Lanbide-heziketaz gain, titulazio profesionalak eskuratzeko ikastaroak eskaintzen ditu, langileei eta langabeei bideratutako hainbat arloren gaineko formazio-saioak, e.a.
 
Baina Ikastola arrunta baino askoz gehiago da Ibaizabal. KirolErrota gimnasioa du irekita herritar ororentzat, kirol-eskaintza zabalarekin; Errota Ostatua ere badu, logela indibidualekin edo lagunartean elkarrekin egoteko moduko literadun logelekin aukeran; Ikastolako taberna/kafetegiak terraza paregabea du trago bat hartu edota entsaladak eta ogitartekoak jateko; e.a.
 
Ibaizabal kooperatiba-elkartearen adarren artean agian ezezagunetakoa aterpetxe soziala izango da, ordea. Durangaldeko Mankomunitatearekin aspaldi hasitako lankidetza-harremanaren ondorioz, Ibaizabal Ikastola da gure eskualdean etxegabeei aterpea, mantenua eta garbiketa-zerbitzuak eskaintzen dizkiena, Ikastolak duen xede sozial nabarmenaren adierazgarri.
 
Aterpetxe sozialaren zerbitzua baliatzen duten erabiltzaileen errealitatearen berri emateko, bertan egiten den lana erakusteko eta gure artean ditugun bizipen anitzen inguruan jabetzen laguntzeko, saioa egingo dute Ikastolako ikasleekin aterpetxe sozialean lan egiten duten 2 lankidek (Anak eta Asunek). Era berean, partaide diren Ikastolaren dimentsio handiaz kontzientzia hartzeko balioko die saioak ikasleei.
 
Ezagutarazpen- eta sentsibilizazio-saio hauek guztiak apirilaren 28ean egingo dira, gelaz gela. Goizeko 11etan Batxilergoko 1. mailako ikasle-taldeekin elkartuko dira eta 13:00etan Lanbide-heziketakoekin.
 
Arropa biltzeko kanpaina
Gainera, aterpetxe sozialeko erabiltzaileentzako arropa-bilketa kanpaina abiatuko du egunotan Ibaizabal Ikastolak ikasleen eta familien artean. Urte-sasoia aldatu eta eguraldia hobetzearekin batera, familiek aurrerantzean erabiliko ez duten eta soberan geratuko zaien negu-parteko arropa da Ikastolan jaso nahi dena. Arropa hau aterpetxe sozialeko erabiltzaileen beharrak asetzera bideratuta, berrerabilera bultzatuko da, elkartasuna lantzeaz gain. Soberako arropa erabilgarria Ibaizabal Ikastolako idazkaritzan utz dezake hala nahi duenak. Aldez aurretik, eskerrik asko.