ODOLA EMATEKO AUKERA

Ostiralean ikastolan izango dugu autobusa.

Ibaizabal Ikastolak ikastolan bertan odola emateko deialdia egin zuen hezkuntza-komunitatearen artean aurreko astean: ikasleak, familiak, langileak... Deialdia egin eta epe laburrera, Ibaizabalen bertan odola eman ahal izateko beharrezkoa zen lagun-kopurua ziurtatzera iritsi ginen. Hala, Bizkaiko Odol-emaileek ezarritako gutxieneko emaile-kopuru hori lortuta, helburua bete dugu guztion artean eta Ibaizabal Ikastolako kideon elkartasunak lurraldeko odol-premiak arintzeko mesede egingo du.

Ibaizabal Ikastolan bertan egongo da jarrita odola emateko unitate mugikorra (autobusa) honako egun eta ordu-tartean:

  • AZAROAREN 5ean, BARIKUA
  • Ordutegia: 09:15-14:00

Norberak nahi edo ahal duenean izango du aukera bertaratzeko, betiere ordu-tarte horren barruan, noski (hau da, ez dago aurrez txanda hartu beharrik-edo).
Edonork du joateko aukera; ez da inon apuntatu behar. Ibaizabal Ikastolakoa izan gabe ere, posible da odola ematera joatea.

Odola aurrenekoz ematera bazoazte, autobusean izango diren erizainak zuen galdera eta zalantza guztiak erantzuteko prest egongo dira; beraz, galdetu lasai asko nahi beste.

Aitzindari da Ibaizabal Ikastola honen moduko ekimena egiten. Eta zuri esker da, guztion onerako! Bejondeizula!