Ikastolen Elkarteak ekitaldi instituzionala egin du.
Ikastolen 2021/2022 ikasturtearen Hasiera-ekitaldia, urtero modura, iraileko azkeneko larunbatean egin zen aurten ere. Oraingo honetan, Larramendi Ikastolak gonbidatuta, Mungiako Olalde aretoan izan zen ekitaldia irailaren 25ean, goizeko 11etan hasita, eta han izan zen Ibaizabal Ikastolako ordezkaritza.
Ikasturteko lan-ildo estrategikoen artean, ikastoletako hizkuntza-proiektuen berrikuntza- eta berrindartze-prozesua egongo da erdigunean. Hobekuntza pedagogikoa eta berrikuntza nahiz eraldaketa ere ikastola guztion agendan egongo dira, eta baita digitalizazioa ere.
Udane Goikoetxeak aurkeztutako ordubete inguruko ekitaldian honakoen hitzartzeak egon ziren: Koldo Tellitu Ikastolen Elkartearen izenean, Jokin Bildarratz Hezkuntza-sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta Ager Izagirre Mungiako alkatea. Herriko Amilotx dantza-taldeak ikuskizun-ukitua eman zion ekitaldiari.