Eskuratu zure sarrera Ibaizabalen bertan.
Euskararen eta Euskal Kulturaren bost plaza handi dira ikastolen jaiak: euskal musikari, kantari, dantzari eta ikuskizunetako hamaika artistaren adierazpenaren erakusleiho erraldoiak. Aurten ezin izan ditugu ohikoak diren jai handiak ospatu Ikastolok.
Baina gure konpromisoa berretsi nahian, Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez jaien izenean, eta denen artean, itxiera orokor bat eman nahi diogu pandemiaren bigarren urte honi. Horretara, ikuskizun bikain bat antolatu dugu Bilboko Euskalduna Jauregian: IKASTOLAK HERRIARI. Azaroaren 27an izango da, larunbata, iluntzeko 20:00etan.
Hain zuzen ere, iaz, Donostiako Kursaalean arrakasta handiz egindako ekitaldiari jarraikiz dator aurtengo honako hau.
Beronen bitartez, urtero gure jaietan parte hartzen duten artistei eta jaietara etortzen diren herritar guztiei ere eskerrik beroena adieraziko diegu. Tartean izango dira Anje Duhalde eta Paz de Ziganda Ikastolako abesbatza, Julen Alonso, Amak eta Eñaut Elorrieta. Aurkezleak Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga izango dira. Ekitaldiaren iraupena 80 minutu ingurukoa izango da.
Sarrerak erosteko (15 €), hona jo:
Dena den, Ibaizabal Ikastolak berak 10 sarrera hartu ditu, leku esklusiboan: 10. eta 11. ilaretan. Beraz, nahiago baduzu, eta erosoagoa balitzaizu, Ikastolara deituta edo bertan eskatuta eskura ditzakezu zuzenean behar dituzun sarrerak, prezio berean. Eskaerak jaso ahala banatuko dira erosi ditugun sarrerak, guztiak agortu arte.
Ikastolek herriari ematen diotena asko da. Herriak ere asko die oraindik emateko Ikastolei. Eskuratu zure sarrera Ibaizabal Ikastolan eta zatoz!
Informazio osotuagorako, hona hemen ekimenaren aurkezpen bideoa: