Atzo, Durangoko Azokako Irudienean, une berezia izan zen gure hezkuntza komunitatearentzat: ikastolaren 25. urteurrena ospatzeko abestiaren eta bideokliparen estreinaldi ofiziala. Mugarri honek ikastolaren ezaugarri diren konpromisoa, sormena eta batasuna islatzen ditu.
Ekitaldian abesti eta bideokliparen sorkuntzan funtsezkoak izan ziren bi pertsonak hartu zuten parte: Ainhoa Olaso, bideokliparen zuzendaria eta Peio Azkarate, abestiaren konpositorea. Aurkezpenarekin batera eman zuen hitzaldian, publikoarekin partekatu zituzten sormen prozesuaren xehetasunak eta obra honen atzean dagoen esanahi sakona, gure historia, balioak eta komunitatea omentzen dituena.
Peio Azkaratek abestiaren sorkuntzan egindako lanaren nondik norakoak azaldu zituen baita ere melodia eta doinuaren zergatia. Bestalde, Ainhoa Olasok bideoklipak 25 urte hauetan egindako bidearen isla bisual gisa deskribatu zuen, irudi sinbolikoak eta ikastolako eguneroko eszenak integratuz.
Bideoklipa eta abestia ikastolako plataforma ofizialetan partekatu dira. Honez gain, familia, ikasle eta langile guztiak gonbidatzen ditugu abenduaren 19an Durangoko Plateruenan egingo den ekitaldira.
Eskerrik asko proiektu hau posible egin duten pertsona guztiei. Jarrai dezagun gure historiaren hurrengo kapituluak elkarrekin eraikitzen.
Abestia entzutera eta bideoklipa ikustera animatzen zaituztegu. Youtuben (https://www.youtube.com/watch?v=m6kb6truH-Q) eta ikastolaren sare sozialetan ikusgai.