Durangoko Azokak 12 eta 17 urte bitarteko gazteekin ikastetxeetan lantzeko euskal kulturari buruzko unitate didaktikoa prestatu du Ikastolen Elkartearekin elkarlanean. Proposamenetako zenbait jarduera LH 5. eta 6. mailetako ikasleekin ere lantzeko modukoak dira, taldearen ezaugarrietara eta aurretiazko ezagutzetara egokituta. Proposamena baliatuz, ikasleek Durangoko Azoka sakonago ezagutzeko eta euskal kulturan murgiltzeko aukera izango dute, jolasaren eta hausnarketaren bidez eta euren herriko edo inguruko testuingurutik abiatuta.
Unitate didaktikoak hiru fasetan antolatutako ibilbide malgua proposatzen du eta guztira hamar jarduera jasotzen ditu. Ez da beharrezkoa jarduera guztiak egitea: irakasleek eta ikasleek euren testuinguruaren eta interesen arabera diseinatu ahal izango dute ibilbidea, proposatutako jardueren artean hausnarketak eginez. Gure ikastolak parte-hartze zuzena izan du proiektu honen sorkuntzan.
Durangon bertan kokatuta egonda, berebiziko garrantzia du guretzat inguruko eragile eta erakundeekin eskuz esku lan egiteak. Horrelako elkarlanei esker, hezkuntza-komunitateari ekarpen baliotsua egiteaz gain, euskara eta euskal kultura gure ikasleen egunerokoan eta ikasgeletan erdigunean jartzea lortzen dugu, transmisioa eta zaletasuna sustatuz.
Eskerrik asko Geredia eta Ikastolen Elkartea!