Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna da. Ekimen berri eta handi bati eman diogu hasiera gure Ikastolan aste horretan bertan, ikasturte osoan zehar euskara areago erabiltzeko. Izan ere, Ikastolak euskararen arnasgune izatea nahi badugu, badugu zer egina oraindik: % 57an dago geurean euskararen erabilera, ikasleek eurek neurtutakoaren arabera. Eta hori hauspotzeko ardura guztiona da, langile, familia eta, batez ere, ikasleena.
Dagoeneko 40.000 erabiltzaile ditu Egunean Behin joko-aplikazio arrakastatsuak. Mugikorrean aplikazio hori doan deskargatu eta, egunero, 10 galdera zuzen eta ahalik eta denborarik gutxienean erantzutea da joko horren helburua. Ibaizabal Ikastolaren taldea sortu dugu aplikazio horretan, eta bertara batu eta partaide izan daitezen gonbidatu ditugu ikasle, senide eta langileak (800 lagunetik gora); hala, Ibaizabal komunitate osoa elkarrekin arituko gara euskaraz jokoan!
100 sari jokoan
Astero 3 sari banatuko ditugu partaideen artean Ibaizabal Ikastolan bertan eta, horietaz gain, data jakinetan aparteko sariak zozkatuko dira: produktu-sortak, kontzertuetarako sarrerak, Eguberrietako saskiak... Ekimenak 2020ko maiatzaren 31ra arte iraungo du, 2019ko abenduaren 2ko astean hasita. Marka hauen laguntza izan dugu horretan: Cafés Baqué, Hazi Fundazioa/Eusko Label eta Kaiku. Eskerrik asko!
Zozketak jendaurrean egingo dira, astelehenero, atseden-garaian. Hasia da ekimena zer esana ematen dagoeneko gurean! Batu zaitez zu ere Ibaizabal Ikastolaren abenturara: ikasi, euskara gehiago erabili, komunitatea indartu, ongi pasatu eta sariak irabazi! Parte hartu!