Skip to main content

2020/11/04

Zenbait ikaslek kudeatutako ortu propioa ikastolako lurretan.

Ion Cabada, Ander Sarriugarte eta Aimar Ruiz de Azuak badaramatzate hilabete batzuk Ikastolako lursailetan sortu duten ortuan buru belarri lanean. Proiektuaren hurbildu eta honen nondik norakoak ezagutzeko zuzenean beraiei egin diegu elkarrizketa.

 

Zer dela eta hasi zineten proiektu honekin?

Entzun genuen ikasleok kudeatutako ortu propioa edukitzeko aukera zegoela, eta interesa sortu zitzaigun, hale ere, konfinamendua etorri eta erabat ahaztu genuen ortuarena. Konfinamendua bukatu zenean, ortutxo bat edukitzeak eskeintzen duen guztiaz ohartu ginen, eta elkarrekin hitz egin ostean probatzea erabaki genuen.

Lehen aldia da edo bazenuten aurrez esperientziarik nekazaritzan?

Gutako batzuk beste batzuk baino gehiago, baina zaletasuna eduki, bageneukan hirurok. Hala ere, erabakiak guk geuk hartzen genituen lehen aldia zen hirurontzat; zer landatu erabakitzeko, kantitatea, kokapena… hori guztia berria izan da.

Izan al duzue kanpoko laguntzarik?

Bai, noski. Orain ortua dena zelaia zen ekainean, eta belarrak kentzeko, lurrari buelta emateko eta lantzeko ondoko ortuko ugazaben eta ikasle ohi baten laguntza eta aholkularitza eduki genituen. Lehen astean lan handia egin genuen, eta lan hori burutzeko haien laguntza eta gidaritza ezinbestekoak izan ziren, eskertzekoa, benetan.

Udan nola antolatu zarete ortua mantentzeko?

Zorionez, bi durangar eta mañariar bat gara, eta ortua hurbil edukitzeak erraztasun handia dakar. Oporretan kanpora joan garen arren, ortua zaintzeko beti izan da hirotako bat behintzat inguruan. Kuadrila berekoak gara eta gustura aurkitu izan dugu goizean zein iluntzean tartetxo bat lurra ureztatu eta bertako txakurrarekin jolasteko. Ondoko errekan ere hartu izan dugu bainu bat edo beste!

Zein asmo daukazue negurako?
Ahal dela behintzat uzta jaso gura genuke neguan ere, porruak, azelga bat edo beste, ilarrak, erremolatxa, brokolia… neguan ere badago zer landatu, zer erein eta zer jaso!

Afiziotzat edo ofiziotzat duzue gehiago nekazaritza?

Ofizioa balitz, oso baldarrak izango ginateke gure lanean! Lagun artean gozatzeko eta nekazaritzaz ahal dena ikasteko erabiltzen dugu ortua, afizio oso polita da, ofizio gogorra, ordea! Hala ere, nekazaritzarekin eta ingenieritza agronomoarekin lotura duten ikasketak ez ditugu baztertzen. Auskalo, agian urte batzuk barru ofizio ere bihur daiteke.

Egun ez dira asko nekazaritza moduko jardueretara hurbiltzen diren gazteak. Zer esango zenieke zuen belaunaldi-kideei?

Animatu daitezela, interesatuta dauden lagun pare bat aurkitu ditzatela eta lursail txiki batekin hasteko esango genieke. Pixakanaka ikasiko dutela eta hasieran lana eskatzen badu ere, ordainetan lagun arteko ordu politak eta etxera kalitatezko produktuak eramateko aukera ematen dituela. Espazio handia dugu, zorionez, ikastolan eta ortutxo bat edukitzea zer den jakin gura duen ikasle oro da ondo etorria.

   

 

 

Azken albisteak

Irudia
25. urteurrena
2024-11-20

Durangoko Plateruena aretora gonbidatzen zaituztegu 25. urteurreneko ekitaldira.

Irudia
elkartasun ikastolak
2024-11-19

Ikastolen arteko lankidetza ekonomikoa

Irudia
urriko auzolana 24
2024-11-05

Hainbat guraso, irakasle eta ikaslek parte hartu dute urriko auzolanean.