Josebe Iturriotzekin Ateneoa ikastolan.
Joan den ostegun arratsaldean, Hizkuntza Proiektuko kideek antolatutako Ateneoan, Josebe Iturriotz militante transfeminista izan genuen gure artean. Transfeminismoak mahaigaineratzen dituen korapiloak askatzeko gakoak eman zizkigun, eta egunerokotasuneko eraso matxistei aurre egiteko tresnez eztabaidatu genuen. Generoaz, identitateaz, feminismoaren subjektu politikoaz, transexualitateaz eta beste hainbat kontutaz aritu zen, ikasle zein irakasleek egindako galderetatik abiatuta.
Urtero legez Hizkuntza Proiektutik Ateneo ezberdinak antolatzen dihardute. Ikastolako komunitate osoak bizitzako hainbat esparru eta gairi buruz hausnartzea da Ateneoen helburu nagusia, baita gaur egungo erronkak aztertu eta euskaldun gisa munduan nola eragin gura dugun kolektiboki pentsatzea ere.
Aurten ikasleen eragin taldeak berak hartu du Ateneoak antolatzeko ardura, eta buru-belarri dabiltza datorren asteetarako egitarau zabala antolatzen. Beraz, gazteok, adi deialdiei!