Apirilerako erronka ikastolan.
Martxoaren 22an Cycle Friendly Employer ziurtagiriak emateko ekitaldia egin da Iurretan. Bizikletaren erabilerari bultzada emateko ekimena da Cycle Friendly Employer. Durangaldea eskualdea aitzindari ari da izaten Europa mailan ekimen honi dagokionez, eta Ibaizabal Ikastola bertako partaide da dinamika hasi zenez geroztik.
Ez hori bakarrik, egin dugun lanaren adierazgarri, Cycle Friendly Employer ziurtagiria eskuratu dugu, kanpo-auditoria gainditu eta gero. 20 erakunde pasa izan gara Durangaldean ziurtagiria eskuratu dugunak: eskualdeko udalak, ikastetxeak eta lantegiak.
Horrez gain, BIKE2WORK bizikletaren erabilera sustatzeko kanpainaren baitan, 30 egun bizikletaz erronkan hartuko du parte Ibaizabal Ikastolak. Horretarako ikastolatik gertu bizi zareten langile eta ikasleoi bizikleta garraiobide gisa aukeratzea proposatzen dizuegu.
ZERTARAKO?
Kanpainaren barruan txapelketa bat ere badagoelako eta guztion artean egingo ditugun kilometroak zenbatuko ditugulako.
ZER EGIN BEHAR DUGU?
BIKEFRIENDLY aplikazioa mugikorrean deskargatu eta bertan Ibaizabal Ikastola taldea bilatu behar da. Ondoren, erabiltzailea sortu eta zuen taldea zehaztu (adibidez, Bikeroa 2B, Bikeroa Ir irakaslea bazara...).
NOIZ EGINGO DUGU?
Apirilean zehar.
ETA GERO ZER?
Lehiaketa baliatuz Ibaizabalen barne-txapelketa egingo dugu: Zeinek egingo ditu kilometro gehien?. Erabiltzailea sortzean adierazten den taldea hartuko da horretarako kontuan.
Parte hartzaile guztientzat saria egongo da eta kilometro gehien egiten dituzten lau ikasleentzako, berriz, sorpresa!
Animatu parte hartzera eta gogoratu: Ikastolara etortzeko bizikleta erabili!