Lankidetza-elkargunea Ikastoletako zuzendariekin.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko buruek eta sailburuak berak bilera egin berri dute Ikastolen Elkarteko zuzendaritzarekin eta Ikastola guztietako zuzendariekin. Helburua elkargunea eraikitzea da, aldeen arteko lankidetza zuzenerako. Ekainaren 22an Donostiako Miramongo Parke Teknologikoko auditorio nagusian egindako estreinako bileran Ibaizabal Ikastolako zuzendaria ere izan zen.
ESKERRONA. Jon Bildarratz sailburuak hezkuntza-komunitateari eskerrak eman zizkion ikasturte "oso zail eta intentsuan" hartutako "arduragatik" eta "lortutako emaitzagatik". Aurreikuspena okerragoa zela aitortu zuen.
ZUHURTZIA. Aurrera begira, "zuhurtziaz", ikastetxeak "ikuspegi ezkorrenarekin" presta daitezen nahi dute. Kontingentzia-planeko edo protokoloko irizpide gehientsuenak orain artekoen berdintsuak izango dira, beraz (distantzia, musukoa, higienea, aireztatzea). Egoeta hobetzen doan heinean, neurriak lasaiatzen joatea da asmoa.
HEZKUNTZA-SISTEMA. "Hezkuntza-sistema indartzea" da Gobernuaren helburu argia, sailburuak esandakoaren arabera. Datorren ikasturtean "hezkuntza-hitzarmena" adostu nahi dute eragile desberdinen artean, hezkuntza-lege berri baterako abiapuntu modura. Ikaslea ardatz izango duen hezkuntza-sistemaz gogoeta egiteko, Sailaren eta Ikastolen artean bilera gehiago egin nahiko lituzkeela aitortu zuen. Ikastolak "ahalduntzea" (zuzendaritza indartsuak izango dituztenak eta familiak aktibatuta izango dituztenak, alegia) eta hezkuntza "deszentralizatzea" du xede.
EZAUGARRIAK. Jakintza (eraldaketa pedagogikoa, kultura zientifikoa...), ikasleek era autonomoan eta kritikotasunez pentsatzeko gaitasuna izatea, bizikidetza (konfliktoak konpontzen jakin, ingurumena zaindu, ekitatea, aniztasuna...), euskara, digitalizazioa, kalitatea.
Hori guztia lortzeko, 2020/2021 ikasturteko bide onari eutsi ahal izateko, eta egungo egoera desegokiak oraindik ere eragiten dizkigun erronka gehigarriei aurre egin ahal izan diezaiegun, baliabide osagarriak esleituko zizkigutela hitz eman zuten.