Ekainaren 22a egun garrantzitsua izan zen. Euskara eta euskal kultura indartzea, integrazioa, digitalizazioa, materialgintza, hezkuntza-marko orokorra... Erronka asko ditugu ikastolek, eta horiei erantzuteko egin genuen pasa den larunbatean 7. Batzarra Iruñeko Baluarten. Aldian behin egiten den gogoeta-ariketa erraldoia da Batzarra, estrategia orokorra sakon berraztertu eta birdefinitzera eramaten gaituena.
Ikastolei begirako prozesua izan baino, gizarte osoari zuzendutakoa izan dela eta izango dela esan liteke gehiago, izan ere, herritarren egiturak dira Ikastolak, eta herrian inplikatuta daudenak. Hala, kohesiotik, erronkei erantzuteko modua eta bidea ahalbidetu ditu 7. Batzarrak, aurretik egindako prozesu luze baten amaierako gisa.
Ikastola guztietan bideratu dira azken 2 urteotan gogoeta- eta eztabaida-prozesuak, baita Ibaizabalen bertan ere. Ibaizabal Ikastolaren kasuan, langileak, gurasoak, bazkide ohiak eta Artezkaritza-kideak elkartu ginen aurrez aurreko lan-saioetan, apirilean, 7. Batzarrera begirako azken txostenentzako proposamenak behin betikoz erabakitzeko. Orotara ia 1.000 ekarpen eta emendakin irten dira prozesutik. Iruñean egindako batzarrean 18 bozkatu genituen, aurrez Ikastola bakoitzean ekarpen eta emendakin bakoitza landuta.
7. Batzarrak elkartasuna eta kidetasuna irudikatu zituen. Ia 3 orduko Batzarraren segidan ekitaldia izan zen larunbatean, bestelako kutsuz. Ekitaldi hunkigarria izan zen, ikasleen parte-hartzearekin, nazioartean Ikastolen mugimendua erreferente izan duten hezkuntza-sareen lekukotzarekin, dantzariekin, abeslariekin... Larunbateko lan-batzarrean nahiz geroko ekitaldi instituzionaletan Ibaizabal Ikastolako presidentea, artezkaritza-kideetako bat eta zuzendaria izan genituen ordezkari.
Arnasa hartuta, bide luzerako prest gaude berriro Ikastolak, iparra argi.